XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

GIPUZKOAKO MENDIEN FORU ARAUAREN PROIEKTUAREN AZALPENA

Izadia artatu beharra oso aintzakotzat hartu den une hauetan bereziki azpimarratzen da basoek eginkizun horretan duten garrantzia.

Hala, Gipuzkoako lurraldean aintzinatik basoei eman zaien garrantzi historikoa berritu egin da orain, oso nabarmen geratu baita basoak hiru betekizun ase ditzakeela: astialdi eta kulturako gune gisa, ekonomian irabaziak eta lana sor dezakeen eremu gisa eta izadiaren baliapideak eta basabizitza iraunarazteko euskarri gisa.

Foru arau honek bere egiten du Gipuzkoak mendien gaian izan duen tradizio historikoa eta errespetatu egiten ditu ohiturazko zuzenbidearen iturriak.

Iturri horiez, Nazioarteko eta Europako Elkarteko zuzenbidearen oinarriez, Konstituzio Zuzenbidearen oinarriez eta gaiari buruzko oinarrizko legeriaz baliatuta, ahalegin haundia egiten du bere edukia udal erregimenarekin eta, besteak beste, nekazaritza eta naturaguneen, uraren, ingurugiroaren, hirigintzaren, herrilanen, errepideen eta meategien sektoreetako legeriarekin uztartzen.

Hala, foru arauak Gipuzkoako herrialde historikoan dauden mendien zuzenbide arauak, plangintza eta erabilera nahiz ustiaketa zehazten ditu.

Duen helburua, izadiaren baliapideak behar bezala erabiltzeko antolamenduaren oinarriak eta bermea jartzea da, gaurregungo belaunaldiek mendiei ahal den onurarik gehiena atera diezaioten ahalbidetzeko, baina etorkizuneko belaunaldien beharrak eta nahiak asetzeko ahalmena eragotzi gabe eta izadiaren baliapideak mantendu eta artatuko direla begiratuta, edozein direla ere mendiaren titularitatea nahiz zuzenbide araua.

Eusko Jaurlaritzak aurkeztutako Euskal baserrialdeko Plangintza. 1992-96rako oinarri nagusiak izeneko komunikazioaren ondorioz Eusko Legebiltzarrak emandako ebazpenetatik eratorritako gomendioak aintzat hartuta, Gipuzkoako Foru Aldundiak foru arau honen oinarriak mendiaren hobekuntzari eta artapenari buruzko jarraipideen argitan zehazten ditu, eta mendiaren aniztasuna eta ekoizpena bermatzen ditu garapen eramangarriaren irizpideak erabiliz.

Azaroaren 25eko 27/83 Legeak, Autonomi Elkarte Osorako Erakundeen eta bertako Herrialde Historikoetako Foru Erakundeen arteko Harremanei buruzkoak, 7a)7 eta 7a)9 artikuluetan emandako eskumenaren indarrez, Gipuzkoako herrialde historikoak eskumen osoa du honako gai hauetan: mendien artapen, defentsa eta babesean; berbasotzeetan; baso ustiaketa eta zerbitzuetan; larre, abelbide eta basobideetan; basozaintzaren erregulazio eta kudeaketan; nekazal eta baso lurren artapen eta hobekuntzan; eta auzoz ustiatzen diren mendiei eta probintziaren nahiz udalen jabariko nahiz ondareko gainerako mendiei buruzko araugintzan.

I. idazpuruan foru arauaren gaia zehazten da eta Baso Administrazioa mendien eskumenak dituzten Gipuzkoako Foru Aldundiaren organoek eratzen dutela esaten da.

II. idazpuruan mendia legez zer den aipatzen da eta mendien sailkapena, administrazioaren eginkizunak eta mendien zuzenbide arauak eta ustiaketa zehazten dira.

Mendia zer den zehazterakoan, menditzat betidanik hartu denari bazterreko nekazal lurrak erantsi zaizkio, Europako Elkartearen Nekazal Politikaren erreformaren ondorioz baso bihurtu behar diren lurrak, alegia.

Mendiak duten jabetzaren, erabileraren eta afekzioaren arabera sailkatzen dira eta herri jabariko mendiak eta mendi babesgarriak herri onurakotzat jotzen dira.

Horrek zuzenbide arau bereziak dakarzkio mendi mota bakoitzari, oso gogoan hartuta jabetzak duen gizarte eginkizuna, Konstituzioaren 33,2 artikuluan ezarria, hain zuzen ere eragin haundia duena baso jabetza zen den zehazterakoan.